Blogaren artxiboa

Praktika onen sei osagaiak (6C)

Aurreko post batean zer den irakastea eta ikasketa-egoera bat diseinatzeko estrategiak aipatu nituen baina ezinbestekoa da horiekin batera irakaskuntzaren praktika onak ere aipatzea eta kontuan izatea. Azken finean, praktika onetan oinarritutako estrategiak dira ikasketa-egoeren arrakasta bermatuko dutenak.

Sei dira (6C) eskolaren praktika onen osagaiak:

  1. Kolaborazioa (Collaboration):
    1. Talde-lana (benetakoa).
    2. Talde izaera indartu.
    3. Taldearen arrakasta bermatu.
    4. Laguntza, norabide guztietan.
  2. Komunikazioa (Communication):
    1. Baliabide anitzak.
    2. Prozesuaren arkitektura (nondik norakoak eta zentzua).
    3. Lorpenak eta akatsak.
    4. Hedatu sortzen duguna: gelan eta komunitatean.
  3. Edukiak (Content):
    1. Tresna anitzak.
    2. Elkarreragina sortu.
    3. Duguna *berritu.
    4. Aniztasuna kontuan hartu.
  4. Pentsamendu kritikoa (Critical thinking):
    1. Egunerokotasuna landu eta aztertu.
    2. Atzokoa: lehenaldiko egoerak ezagutu eta horietan jarri.
    3. Kultura eta kulturartekotasuna.
    4. Arazoak ebatzi.
  5. Sormena eta berrikuntza (Creative innovation):
    1. Sortzailea izan, sormena indartu.
    2. Zentzumen guztiak esnatu.
    3. Ohiko irakaskuntza-eskemekin apurtu.
    4. Ez izan beldurrik.
  6. Autoestimua (Confidence):
    1. Heziketa emozionala landu.

Funtsezkoa da eskolaren etapa bakoitzean, curriculum zein ikastetxearen helburuen arabera, praktika onen errubrika sortzea eta aurrera eramatea. Bertan, praktika on bakoitzaren gutxieneko maila eta hobetze-proposamenak jaso behar dira, asmoa beti aurrerapausoak eta praktika ona bere osotasunean bermatzea izan behar delarik.

eDIGCOMP ikastaroan etapa bakoitzaren praktika onen errubrika orokorrak sortu ditugu, taldeka. Nire kasuan unibertsitate mailako praktika onen errubrikan parte hartu dut, bakarka (ez da inor gehiago animatu). Zentzu horretan, talde-lan bitxia izan da baina, era berean, erabat aberasgarria. Zalantzarik gabe, ariketari esker, aurrerapausoen eta, horretarako, praktika onak zehaztearen garrantzia eta beharraz jabetu naiz.

Sortutako errubrikak beste ikuspuntuen kontrastea eta osagarritasunaren beharra du. Beraz, sarrera hau nire ikaskideak bertan zehaztutako irizpideen inguruko feedbacka egitera animatzeko aprobetxatzen dut. Azken finean, nork ez du unibertsitatearen egitekoari buruz zer esanik?

Azkenik, behin errubrika amaituta, tamalez, zenbait ataletan jasotakoak errealitatetik oso urrun daudela konturatu naiz. Idatziz jaso arren, oraindik ere, unibertsitateak ez du lortu benetako talde-lana aurrera eramatea, sormena indartzea edota berrikuntzak modu flexiblean aplikatzea. Lan handia dugu aurretik!

micro:bit, programazioa eskoletan

Asko dira programazioak haurren garapenari eskaintzen dizkion onurak. Programazioa pentsamendu konputazionalaren oinarria da eta, ondorioz, arazoen ebazpenari lotutako gaitasun anitzen lagun:

  • Arazoen aurrean erantzunak bilatzeko gaitasuna
  • Ikasketa eta esperimentaziorekiko interesa
  • Autonomia
  • Sormena
  • Adirazpena
  • Arreta
  • Gaitasun kognitibo anitzak
  • Logika eta kalkuloa
  • Ulermena

Horregatik, haurren artean informatika-hezkuntza sustatzea helburua duen micro:bit programazio kita aurkeztu da.

micro:bit Raspberry Pi ordenagailuen antza daukate: tamaina txikia, prozesadorea, mikro-usb sarrera, bateria konektorea, LED argien matrizea … Programatzeko hainbat aukera ematen ditu gailuak, tartean Python programazio-hizkuntza erabil daiteke MicroPython bidez (hemen Python Fundazioaren oharra).

Iturria: sustatu.eus

Hezkuntza hackeatu behar dugu

Blog honetan gure hezkuntza sistemaren aldaketa beharraren inguruan gauza anitz aipatu dira, baina oraingoan proposamen berri batekin nator: hezkuntza hackeatu. Guztion nahia norberaren zein ingurukoen zoriontasun eta osasuna da eta hori lortzeko, hezkuntza sistema tradizionalaren arabera, ikasi, karrera amaitu, lana bilatu eta ezkondu behar gara, bidean gure interes, sormen eta ametsak guztiz zapalduz.

Hurrengo bideoko umeak “Hackschooling” terminoa asmatu du, ezberdinak diren eskolek, eskola sistema tradizionalek zein gutariko edonork jarraitu beharko genukeen pentsamolde, ikuspegi, irakas-ikasteko metodologia edota bizitzeko modua izendatzeko. Gure interes eta esperientzietatik abiatu behar gara, gure sormen eta ezagutza lantzeko eta horrela guztion zoriontasun eta osasuna ziurtatu.Horregatik, gure eskolak hackeatu behar ditugu! Ikusi eta hausnartu

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara