Blogaren artxiboa
Arazo-egoeren metodologia, ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko gako
Egun curriculumean oinarrizko konpetentziak garatzeko printzipio metodologikoak zehazten dira. Edukiak eguneroko bizitzarekin lotura izan behar dute eta horien lanketa egoera errealetan izan behar dute abiapuntua. Irakaslea izango da ikasketa-egoerak edota –eszenatokiak diseinatu eta antolatzearen arduraduna baina horien ebazpenean ikas-komunitate osoaren inplikazio aktiboa ezinbestekoa da. Horregatik, arazo-egoerak metodologia ikasleen oinarrizko konpetentziak bermatzeko estrategia ezin hobea da.
Arazo-egoeretan euren errealitatearekin lotura estua duen testuinguru eta arazoa aurkezten zaie ikasleei. Horri irtenbidea emateko (azken emaitza lortzeko) ikasleek jarduera anitzak eraman behar dituzte aurrea. Aurrerapauso bakoitzari esker ikasleek zeharka diziplina baitako zenbait konpetentzia landu dezakete eta, era berean, gaitasun digitala ere txertatzen da (informazioa bilatu, edukiak digitalki sortu, azken emaitza produkzio digital modura jaso…).
Berritzegune Nagusiak arazo-egoeretan oinarritutako zenbait unitate didaktiko landu eta guztion eskura jarri ditu Baliabide interesgarriak eta erabilgarriak benetan. Eta hona hemen nik sortutakoa (Gasteiz-en tranbia-linea berria?) , adibide gisa:
Era berean, norberak sortu dezake arazo-egoera bat. Egunerokotasuna, gertuko testuingurua eta taldearen ezaugarriak kontuan hartuta, edozein arazo-egoera lantzea posiblea da eta beti ikasketa-prozesu esanguratsua izango du bidelagun.
Arazo-egoeran oinarritutako unitate didaktikoa diseinatzerakoan, ezinbestekoa da testuingurua, arazoa eta helburua edo lortu beharreko emaitza ondo zehaztea. Ondoren, horretarako eman beharreko pausuak (jarduerak) eta erabili beharreko materialak (tresnak eta baliabideak) aldez aurretik zehaztu ditzakegu. Hala ere, egiteko modu bakarra ez dagoenez, pausu horien planifikazioa taldearen esku utzi ditzakegu, euren sormena eta erantzukizuna indartuz.
Orduan, ia konturatu gabe, arazo-egoera bakar baten gauzatzearekin hainbat konpetentzia lantzen direla konturatzen gara. Arazo-egoerak euren errealitatearekin lotura dutenez, ikasketak zentzu handia izango du, ikasleek konpetentziak zeharka garatuko dituzte eta euren inplikazio eta parte-hartzea nabarmenki areagotuko da.
Basati txikia
L’Enfant sauvage (1970)-Francçois Truffaut
El niño salvaje filma XVII. mendearen bukaera gertatutako gertakizun errealetan oinarrituta. Basoan bakartua bizi izateagatik, gizarterekin inolako harremanik izan ez duen haur bate hezkuntza prozesua kontatzen du.
Gormutuen Institutuan lan egin zuen Itard medikuaren (1801-1882) legatu pedagogikoa bezala definitu dezakegu. Bertan, Averyton-eko oihanetan agertu zen mutiko basatiaren behaketa eta eman zitzaion hezkuntza-tratamendua jasotzen dira. Esquirolen ustez umea abandonatzearen ondorioz azen, eta Pinelentzat, aldiz, idiota zen.
Itardek bost urte eman zituen haurra etsi gabe hezten. Bere sentimena, adimena eta afektibitatea garatzeko xehetasun handiz landutako ekintzen bidez lan egiten zuen. Hezkuntzako bere ikerketek eragin handia izan zuten XIX. mendean zehar egindako lan mediko-pedagogikoetan eta gerora sortu eta antolatu ziren eskola bereziak. Hainbat egileen inspiratzaile ere izan zen.
Pelikulak sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen du, ume basatiaren naturaltasuna gizartearen hipokresiarekin alderatuz. Garaiko errealitate sozial, akademiko eta medikoa islatzen du.
Argi dago pelikulan ematen diren pentsamolde, ikuspegi, metodologi eta jarrera asko gertaeraren garaiarekin bat egiten dutela, zaharkituta daudela alegia. Zorionez, gaur egun, hauetako asko gaindituak edota baztertuak izan dira.
Hezkuntzaren garrantzia eta honen indarra azpimarratzen da, eta honekin ados nagoen arren, ume basatiak jasotzen duen tratua ezin dela inondik inora onartu pentsatzen dut. Animalia balitz bezala harrapatzen dute, eta bere egoeraz baliatzen dira gainontzekoen barre eta txantxak eragiteko. Ondoren, ikertzaile baten etxean isolatzen dute eta umearekiko maitasun adierazpen txikiak ikusteko aukera dauden arren, bere beharrak kontuan hartzen ez direla uste dut. Metodologien oinarria sari/zigorrak dira eta momentu askotan ez da bere erritmoa, deskantsua edota interesa errespetatzen.
Pelikula bukatzerakoan, galdera zehatz bat egin nion nire buruari eta oraindik ere, galdera berari bueltak ematen nabil: sozializazio prozesuaren garrantzia azpimarratzen da, baina noren beharra da? Ume basatiaren beharra, Itard medikuarena edo gure gizartearena? Garaiko gizartearentzat ezinbestekoak ziren hezkuntza ekintza ezberdinetan gaitasuna lortzeko umearen eskubide, beharrak eta erritmoa alde batera ahaztuta uzten dira, momentu askotan Itard medikuaren teoria baieztatuko duen ikerketa umearen ongizatearen gainetik jarriz.
Hezkuntza, sozializazio prozesua eta ondorioz garapen integrala ezinbestekoa da ume guztien bizitzetan, baina nork markatzen ditu pautak? Noren beharraren arabera egiten da lan? Haurraren testuingurua, historia, beharra, erritmoa eta beste mila ezaugarri aztertu behar dira honi egokitutako hezkuntza eskaintzeko, bere interesetatik abiatuta eta bere erritmoa errespetatuz.
* Filmaren inguruan egindako azterketa teknikoa (Pantxis taldearen lana)