Blogaren artxiboa
#esperientziadigitalak borobilduz:teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren azken hausnarketa
Pixkanaka ikasturtea aurrera doa eta, horrekin batera, ikasgaiak borobiltzeko eta ixteko garaia da. Horregatik, sarrera honetan “hezkuntza ikerketa” ataleko sarrerak bildu, bertako #esperientziadigitalak baloratu eta horiei lotutako ikasgaiaren azken hausnarketa jasotzen da.
Bi izan dira psikodidaktika masterreko “teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntza” ikasgaiaren helburu edota landutako eduki nagusiak:
- Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa
- Hezkuntza ikerketarako teknologiak
Lehenengo helburuari lotutako eskolek ikerketaren informazio iturri garrantzitsuenetako batean murgiltzeko aukera eskaini digute: ikerketa-taldeak. Teknologia nire interes-gune nagusietako bat izanik, oso interesgarria eta aberasgarria izan da gaiari lotutako ikerketa-taldeen lanak ezagutzea. Gainera, egindako ariketa eta hausnarketa pertsonalei esker, ikerketan zaintza teknologikoa oinarrizko eginkizuna dela barneratu dut.
Era berean, ikerketa aurrera eramateko teknika berriak ezagutu eta praktikan jarri ditugu: narratiba eta gertakari kritikoa. Hasieran egin beharrekoa ulertzea kostatu zitzaigun arren, ikaskideen artean norberaren gertakari kritikoaren sorkuntza anonimoa egiteko motibazioa eta inplikazioa nabaria izan da. Norberak barruan dituen arduren adierazpena indartzeaz gain, ariketak gure ahotsa zabaldu du, gizartea hobetzeko tresna ezin hobea dela baieztatuz.
Horretaz gain, bideoen bidez teknologiaren erabileraren eta pribatutasun irrealaren eta ikerketaren inguruan hausnartzeko aukera izan dugu. Teknologiaren erabilera gero eta hedatuago dago baina gutxi hausnartzen da horren erabilera kritikoari buruz. Ia ezinezkoa da momentu oro online ez egotea, baina, horretaz jabe izan behar gara eta online-jarrrera kritikoa eta arduratsua garatu.
Azkenik, laster tesia entregatu eta defendatuko duten bi doktoretza-ikasleren esperientzia eta ikerketa-lanak ezagutu ditugu. Ikerketan aurrera egiteko, besteen lanak ezagutzea derrigorrezkoa denez, hitzaldia interesgarria izan da. Baina, gure kasuan, interesgarriaz gain oso lagungarria izan da, doktoretza-bidaiaren inguruko zalantzak argitzen dituzten esperientziaren gakoak ezagutu baititugu. Mila esker gure galderak erantzuteagatik eta zorte on tesiaren azken txanpan!
Orokorrean, irakasgaiaren lehenengo atalari dagokionez, norberaren hausnarketa kritikoa indartzeko erabilgarria izan dela uste dut. Hala ere, talde-hausnarketa faltan bota dut. Bakoitzak ezagutzen edota jarraitzen dituen ikerketa-taldeen berri ematea oso aberasgarria litzateke, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan taldean eztabaidatuz gero teknologiaren erabilera arduratsuaren inguruko ondorio politak jasoko genituzke eta, azkenik, gertakari kritikoaren prozeduraren zein bertan bildutako gaien inguruan hitz egiteko aukera izanez gero, teknika eta ardura-soziala hobeto barneratzeko aukera izango genuke. Hau da, esperientzia polit eta esanguratsuak izan arren, talde-dinamika indartzearen beharra azpimarratzen dut.
Honako sarreretan “Teknologia berriak eta hezkuntza berrikuntzaren ikerketa” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:
Zaintza teknologikoa, ikerketa-taldeen errefernetziak jarraituz
Gertakari kritikoaren bitartez gure ahotsa zabaldu
Pribatutasuna eskatu arren, momentu oro datuak oparitzen digu
Besteen esperientzietatik ikasiz
Ikasgaiaren bigarren atalean hezkuntza ikerketarako teknologietan zentratu gara. Ordenagailu-gelan, eskolaz-eskolaz, ikerketarako lagungarriak diren tresnak ezagutu ditugu, pixkanaka bakoitzak bere ikasketa ingurune pertsonala eraiki duen bitartean. Teknologia lagungarri izan dezan, gure lan-prozeduren jabe izan behar gara eta horiek aurrera eramateko eskura ditugun aukerak ezagutzea funtsezkoa. Momentu oro, gure egitekoari hobeto egokitzen den tresna aukeratu behar ditugu eta horretarako aukera-sorta aztertu behar da.
Nire esperientzia eta interesengatik, eskoletan aipatutako tresna gehienak aski ezagunak izan dira niretzat eta horrek tarte batzuk aprobetxatu ez izana du ondorio. Hala ere, eskoletan asko pentsatzea eragin didan kontzeptu bat aipatu da: infoxikazioa. Infoxikazioa ikerketaren gaitza baino, gizartearen gaitza dela esan dezakegu. Informazio-mota guztien gainkarga dugu eta hori bideratzen jakitea gure gizartearen gaitasun garrantzitsuenetako batean bilakatu da.
Gainera, ikerketan dauden lan-prozeduren ordena jarraitzeak oso lagungarria izan da, gure egitekoa barneratzeko. Lan-prozeduraz jabe zarenean, norberaren lana autoerregulatzea errazagoa gertatzen da eta guzti hori bizitzarako autoerregulazio-gaitasuna indartzeko baliagarria da.
Eskola dinamikoak izan dira, praktikan oinarritutakoak baina, aurreko atalean bezala, talde-lanari esker gaia aberasgarriagoa izango litzatekela uste dut. Ikasgaira aldez aurretik aukeratutako tresna eta lan-ohitura batzuekin goazela aprobetxatuta, norberaren esperientzia ikaskideekin partekatu eta eurena ezagutzea elkarrekin ikasteko aukera polita izango litzateke.
Honako sarreretan “Hezkuntza ikerketarako teknologiak” atalari dagozkion ikasketa-prozesuak zein hausnarketak jasotzen dira:
PLE: nabigatzailea aukeratzea, informazioa bilatzeko lehenengo urratsa
PLE: edukiak sendatuz infoxikazioari aurre egin
Infoxikazioa eta eduki-sendaketa (informazio erabilgarria)
Bestalde, psikodidaktikako masterreko ikasle gehienak irakasle izanik, ikasgaiaren ataltxo bat teknologia eta eskolaren arteko harremana esanguratsua lantzeko aprobetxatzeko proposamena egitea gustatuko litzaidake.
Teknologia gure bizitzaren parte da baina, oraindik ere, eskola eta teknologiaren arteko harremana nahiko ahula da. Teknologia garatu arren, hezkuntza-sistema ez da aldatu. Irakasleek teknologia eskolan nola aplikatu, nola erabili eta nola irakatsi ikasi behar dute. Aldi berean garrantzitsua da ikasleek teknologia modu eraginkorrean eta arduratsuan erabiltzen ikastea baina horretarako irakaslegoaren hausnarketa eta formakuntza ezinbestekoa da.
Ondorioz, nire blog pertsonalean teknologia, gaitasun digital, IKT, nortasun digitala eta guzti horiei lotutako sarrera ugari jasotzen dira. Hau da, blog honetan teknologia geletan lantzeko beste modu bat azaltzen duten sarrerak aurkitzea oso ohikoa da.
Robotika, programazioa (pentsamendu konputazionala), hausnarketa kritikoa, erabilera autonomoa… ikasleei modu globalean, esanguratsuan eta kooperatiboan ikasten ikasteko aukera ematen dieten ariketak dira. Horregatik, #esperientziadigital honetara gai horien inguruko ekarpenak ere gehitu ditut:
micro:bit, programazioaeskoletan
Jostailuen bidez berdintasunerantz
Gabon garaia atzean utzi dugu eta bakoitzarentzat oso esanahi ezberdina duten egunak direla aitortu behar da. Batzuentzat deskantsatzeko egunak dira, oporrak alegia. Beste batzuek eliza katolikoak ezarritako data garrantzitsu bezala ulertzen dituzte. Askotan, familiarekin elkartzeko garaia da, edo arrazoi askogatik gure artean ez daudenak inoiz baino gehiago faltan botatzeko egun tristeak. Hainbat etxeetan, umeen ilusioarekin disfrutatzeko aukera ezin hobea dira gabon egunak eta hau oparien elkartrukatzearekin erabat lotuta dago.
Hau esanda ez dut gabonen esanahiaren inguruan hausnartuko, norberak badaki egun hauen inguruan duen sentimendu edo iritzia. Baina galdera bat egin nahiko nuke: gabonak genero berdintasunean pentsatzen dugun garaia da?
Etxe askotan agian, beste hainbat estereotipo sexisten artean, gabonetan egiten diren afari eta bazkari ugarien lana emakumeei dagokiela pentsatzen dute. Baina, hau aldatu beharreko pentsamoldea bada ere, ez da gaurko gaia. Gaur haurren jostailuetan zentratuko gara, haurrek gabonetan jasotzen duten jostailu sorta horretan eta horren inguruan zenbat pentsatzen dugun.
Zoritxarrez jostailuak haurren aisialdi tresna hutsak direla pentsatzeko ohitura erabat zabalduta dago, eta hori baino, jostailuak heziketa tresna garrantzitsu eta boteretsuak direla ulertu beharko genuke. Haurra jolasaren bidez hazi eta hezten da, jolasaren bidez bere nortasun eta identitatea eraikitzen du eta ondorioz haurrari eskaintzen dizkiogun edo eskaintzen ez dizkiogun jostailuek erreparatu beharko genieke, horren atzean balio kultural ugarien transmisioa baitago.
Momentu batez zure inguruan dauden umeengan pentsatu. Aukeratu neska bat, kamioi bat oparituko zenioke? zergatik?. Orain aukeratu mutil bat, sukalde bat oparituko zenioke? zergatik?. Galdera biei baietz erantzun baduzu, zorionekoa zu eta zure inguruan dauden haur guztiak. Ez bada horrela, zure buruari hainbat galdera egin beharko zenioke: neska bat kamioi batekin jolas esperientzia aberasgarria izateko gai ez dela uste duzu? mutil batek sukalde batekin nola jolastu ez dakiela uste duzu? Arazoa helduak markatzen dituen estereotipo eta bazterketa sexista da, eta ez haurren gaitasun edo interesak.
Bi urteko mutil bat hartuko dugu adibidetzat. Haur hau jolas sinbolikoaren etapan sartu berri da, hau da, bere jolasa imitazioan oinarritzen da. Bere testuinguru hurbilena, ume gehienen kasuan bezala, bere etxea da, eta batez ere etxeko sukaldea, bertan bere gurasoekin janari gozoak prestatzeaz gain azken hilabetetan bertan bakarrik jaten ikastea lortu duelako. Zergatik ez diogu ume honi sukalde bat oparituko? Jostailu horri esker bere jolas esperientzia ederra eta positiboa izango zen, bere testuinguru hurbiletako ekintzak jolasera eramateko aukera gustukoa izango du nahiz eta mutil bat izan. Kotxea, kamioia eta bestelako jostailuak ere eskaini behar dizkiogu, baina sukaldea eta kulturalki neskentzat diren jostailuak baita.
Beraz, jostailuen garrantzian hausnartu eta haurrei eskaintzen dizkiogun, eta kasu askotan, eskaintzen ez dizkiogun jostailuetan pentsatu. Jolas esperientzia zabal, anitz eta aberasgarria eskaini inolako estereotipo sexista eraiki gabe! Haurren hezkuntza gure ardura bada, haurren jostailu eta jolasak ere gure ardura izan behar dira, gure haurren hezkuntzaren oinarria baitira.
Lazhar irakaslea
Monsieur Lazhar (2011) – Philippe Falardeau
Bachir Lazhar 55 urteko argeliarra da. Montreal-ko ikastetxe batean kontratatua da, egoera tragikoetan hildako Lehen Hezkuntzako irakaslea ordezkatzeko. Gainditu behar dituen zailtasunak ugariak dira, baina bere irakasteko era umeak zein kurtsoa aurrera eramateko ezinbesteko tresnan bihurtzen da.
Pelikulak gai anitz eta ezberdinak lantzen diren arren dolua eta hezkuntza sisteman du oinarria. Bertan hezkuntza sistema berrien eta irakaslearen irudi zaharkituaren arteko talka ikusteko aukera dugu. Bachir metodologia, antolakuntza, arau, ohitura eta harreman ezberdinetara egokitu behar da, baina guzti hau bere erara egiten du, umeekiko duen maitasuna ahaztu gabe.
Gure gizartean beldurra, heriotza, eta nahigabea gai tabuak dira, eta are gehiago umeekin. Baina irakasle honek errealitateari bizkarra eman beharrean haurrekin hitz egitea eta gaia lantzea erabakitzen du. Haurren doluataz arduratuta, eskolaren arauak apurtu eta emozioen adierazpena bultzatzen eta indartzen du.
Istorio polit eta hunkigarri baten bidez eskolaren funtzio bikoitza barneratzen dugu: irakastea eta heztea. Gainera, garapen emozionalaren garrantzia azpimarratzen du, elkarrizketaren eta maitasunaren beharra goraipatuz.
Gaia aprobetxatuz, Haur Hezkuntza kolorezko fitxak, abestiak eta jolasak soilik dela pentsatzen dutenei, haurrekin, egunerokotasuna, errealitatea eta emozioak landu behar direla gogoratzen diet. Garapen integrala bermatu behar dugu, eta alderdi emozionalaren kudeaketa eta adierazpena zein errealitateari aurre egiteko estrategiak honen parte dira.