Blogaren artxiboa
“Front of the class”, inklusioaren ikasgai magistrala
Front of the class (2008) Brad Cohenen bizitzan oinarritutako filma da, benetan hunkigarria eta erabat aberasgarria. Laburpena ikusita bakarrik, hezkuntza eta inklusiari buruzko ikasgai magistrala jasotzeko aukera paregabea dugu. Hala ere, pelikula osoa ikustera gonbidatzen zaituztet!
Hemen pelikula osoa ingelesez, gaztelaniazko azpitituluak jarrita
Zine Forum metodologiaren alde
Sarrera hau ez idaztea nahiago nuke, baina tamalez, pasadan astean gelan bizi izandakoak hau egitera behartzen nau.
Nire lehen sarreran, metodologia atsegin baten aukeraketa eta erabileraren garrantziaz mintzatu nintzen. Metodologia motibazio handienaren edota motibazio ezaren oinarria izan daiteke. Era berean, motibazioa ikaskuntza esanguratsuaren funtsezko alderdia da. Ondorioz, metodologia motibagarri bat ikaskuntzaren helburuaren arrakasta lortzeko gakoa da.
Gure irakasletako batek, bere irakasgaia aurrera eramateko, pelikulen ikuskapen eta hauen inguruko “zine forum”etan oinarritutako metodologiaren alde egin du. Baina, honen aurrean aurkitu duen erantzuna oso desatsegina izan da, modu politean esatearren.
Pantaila handiko irudi sekuentziei esker, beste errealitate batzuk ezagutu ditzakegu, hauek barnetik ezagutu eta irakasle izateko hain garrantzitsua eta ezinbestekoa den hausnarketari ekin, ikaskuntza handiak barneratuz. Nor ez da “Rebelión en las Aulas” (James Clavell, 1967) pelikula ikusterakoan irakaslearen motibazio eta inplikazioaren garrantziaz ohartu? Nork ez du “Los chicos del coro” (Christophe Barratier, 2004) filma ikusterakoan artearen botereari buruz pentsatu? Edota, nork ez du beldurra sentitu “La ola”n (Dennis Ganse, 2010) erakusten den metodologiaren indarra ikusita?
Klasean pelikulak ikusteak abantaila erraldoi bat du, pelikula irakasle begien bitartez aztertzeaz gain, ikaskideen zein irakaslearen ikuspegi, pentsamendu, hausnarketa eta iritziak jasotzeko aukera eskaintzen du, norberaren hausnarketa propioa eta ikaskuntza ikaragarri aberastuz. Era laburrean esanda, ekintza aberasgarri eta eraginkorra. Metodologia erabat positiboa.
Hala ere, ekintza hauen aurrean, ikaskide batzuen erantzuna ez da batere positiboa. Batzuek, pelikula hauek Hollywoodeko filma arrakastatsuak ez direnez, aspertzen direla aitortzen dute, bestelako zereginetan denbora emanez. Beste batzuk aldiz, gelatik alde egiten dute, irakaslearen proposamena zein lana gutxietsiz eta teoria hutsa ez diren metodologiei bizkarra emanez.
Gaur ikaskideak direnak etorkizunean umeen garapenaren eta nortasunaren eraikuntzaren agente garrantzitsuenetako bat izango dira. Horregatik, horrelako ekintzak aprobetxatu eta hauetaz baliatu beharko ziren egingo duten lanaren inguruan sakonki hausnartzeko.
Haur Hezkuntzako haurrak ez dira jostailuak, euren nortasuna, izaera, emozioak, kognizioa eta azken finean bizitza eraikitzen ari diren pertsona txikiak dira eta gure errespetu osoa merezi dute. Errespetu hori, gehiago ikasteko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak ondo aprobetxatuz adierazten da.
Beraz, lerro hauen bitartez, irakaslea bere metodologiarekin aurrera jarraitzeko animatzen dut. Era berean, beste errealitate batzuk ikustea eta hauek komentatzea eta barne hausnarketa aurrera eramatea gustuko ez dutenei, benetan Haur Hezkuntzako irakaslea zer den eta horrek zer eskatzen duen sakonki pentsatzea eskatzen diet.
Elling – Petter Næss (2001)
Pelikula honek gure errealitatearen inguruan pentsatu eta hausnartzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Gainera oso atsegina eta hunkigarria da. Beraz, erabat gomendagarria.
Gure artean, norberak bere berezitasunaren jabe izanik, guztiok gara berdinak, guztiok gara ezberdinak. Batzuetan, berezitasun hori, nahastetzat jotzen da, edo Ellingen hitzek azaltzen duten bezala, nahasketa etapan dauden pertsonak direla ulertzen da.
“Algunos se hacen los locos, pero usted esta loco de verdad”
Ellingen kasuan, gehiegizko babesa jaso duen ume bat izan zen. Ondorioz, gaur egun, leku guztietara berarekin doazen bi lagun ditu: bertigoa eta antsietatea. Hori dela eta, kalera irtetzeko laguntza behar du eta taberna bateko mahaitik komunera joateko aldiz, munduko ausardi guztia.
Istorioaren hasieran, bere muga (bertigoa eta antsietatea) dela eta, Elling zentro psikiatriko batean ingresatua dela ikusten dugu. Baina, gerora, bere gelakidearekin batera, modu autonomoan bizitzeko aukera du. Autonomiaren bidez Elling-i bere muga gainditzeko aukera eskaintzen diote, autonomia esperimentatzerakoan beldurrak eta oztopoak gainditzen aukerak sortzen baitira.
“Me siento seguro a su lado a pesar de que es la persona mas simple del planeta”
Batak besteari laguntza eskaintzen dio, segurtasuna, eta harremanen bidez euren nortasuna eta egunerokotasuna nola eraiki ikasten dute. Azkenik, euren arteko oreka aprobetxatuz, gizartean txeratzeko gaitasuna lortzen dute. Gainera, guzti honi esker, bakoitzak bere oreka pertsonala aurkitzen du, norberaren funtzioaren bilaketan arrakasta lortuz eta gustuko dutena landuz. Bestela esanda, mugak izan arren, gizarteko beste edozein banakako bezala, helburuak dituzte eta, aukera eskaintzen dietenean, helburu horiek lortzea euren motibazioa nagusia bilakatzen da.
Berezia ez da txarraren sinonimoa. Kasu batzuetan laguntza beharrezkoa izan arren, ez dugu inoiz ahaztu behar aurrera egiteko guztiok ekintza txikiak zein aukera berdinak behar-beharrezkoak ditugula. Behar bat erantzun eta gero egoera normalizaziorantz bideratu behar da. Aurrera egiteko jarrerak benetan aurrera egiteko aprobetxatu behar dira. Bizitza eraikitzeko norberaren nortasuna, izaera eta autonomia lantzeko aukeren eskaintza ezinbestekoa da.
Horregatik, pertsona batek, momentu jakin batean, laguntza bereziaren beharra izan arren, ez da pertsona hori betirako etiketatu eta gizartetik banatu. Garapena jarraitu eta garapenari jarraipena ematea ezinbestekoa da. Autonomia lagunen, harremanen, beldurren, egunerokotasuneko ikasketa berrien eta bizitza errealeko esperientzien bidez eskuratzen da. Garatzeko normalizazioa behar da.
“¡LO CONSEGUÍ!
Ezin da inoiz aurrean dugun pertsonaren gaitasuna zalantzan jarri hori lortzeko aukera eskaini gabe. Gure aurrean dugun pertsona arraro edo bitxia bezala etiketatu aurretik, guztiok ezberdinak eta, aldi berean, berdinak berdinak garela gogoratu behar dugu. Guztiok gure beldurrak gainditzeko aukerak eta autonomia behar dugu. Guztiok gara Elling.