Eskola inklusiboaren didaktika

Eskola inklusiboari buruz hitz egiterakoan, integrazio hitza ahaztu behar dugu, errespetua, parte-hartzea eta elkarbizitzari lekua utziz. Hezkuntza Berezia eta integrazio gure egunerokotasuneko hiztegiaren parte izaten jarraitzen duten bitartean ezin dugu benetako eskola inklusiboaz hitz egin, hauek segregazioaren ezaugarriak baitira.

Gaur egungo mundua, gizartea eta eskola bera eskola inklusiboaren teoria praktikara eramateko oztopo bihurtu dira. Eskolari dagokionez, hezkuntza sistema, curriculuma, eskolaren antolakuntza, irakaslegoaren pentsamendua, ebaluazioak eta bestelako ekintzak aldatu behar dira. Eskola inklusiboaren arazoa, gaur egungo eskola da.

Hiru dira gure eskola publikoak eskola publiko inklusiboa bilakatzeko gainditu behar dituen oztopo nagusiak:

–          Oztopo politikoa

–          Oztopo kulturala

–          Oztopo didaktikoa

Politikari dagokionez, hezkuntza legeen arteko kontraesanak ugariak dira. Hezkuntza berezia, curriculumaren moldaketa bereziak eta laguntza gelak guztiontzako hezkuntzaren inguruko diskurtsoarekin batera aipatzen dira. Legeak koherenteak izan behar dira kalitatezko hezkuntza eraikitzeko eta hezkuntza inklusiboan murgildu ahal izateko.

Bestetik, kultura. Betidanik, inteligentzia maila erabili da umeen sailkapena egiteko, batzuk beste batzuek gainetik jarriz. Honen arabera, ume batek ikasteko zailtasunak dituela ezartzen da, eta kasu gehienetan, talde eta gela arruntetik bereizten da. Ikasteko gai ez diren umeak daudela pentsatzen jarraitzen dugun bitartean, eta hezkuntza berezi, integrazioa eta curriculumaren moldaketei buruz hitz egiten jarraitzen dugun bitartean, segregazioa onartutako praktika izaten jarraituko du.

Eta azkenik, gure gaiari helduta, oztopo didaktikoak, hau da, eskola eta gela mailan, irakasle modura, gainditu behar ditugun mugak edo beste era batera esanda, aldatu behar ditugun ezaugarri edota ekintzak:

  1. Lan egiteko modua: Lehiakortasuna alde batera utzi guztien arteko lan kooperatibo eta bateratua bultzatzeko. Umeek bere ikaskide guztiek, era ezberdinean izan arren, ikasteko gaitasuna dutela ulertu behar dute, eta horretan lagundu. Gelan, eta eskolan, elkarbizitza eta elkar ikasketan oinarritutako komunitatea sortu behar da. Haurrak komunikatzeko (hitz egin eta entzun) beharra asetu behar dute, kalitatezko heziketa lortze bidera.
  2. Lan estrategiak: Ikasgai eta eduki zehatzetan oinarritutako curriculuma ahaztu eta arazo zein proiektuetan oinarritutako curriculuma eraiki. Umeen aurrezagutzak zein interesak kontuan hartuta, elkarlanean ikasten ikastea bultzatu behar dugu, harremanak sendotuz, ikerketa tresna nagusian bihurtuz, bestearen interes, idei zein ekintza errespetatuz eta nola ez, guztion garapen integrala maila berean bermatuz.
  3. Antolaketa: Espazio eta denboraren antolaketa ekintzaren arabera antolatu behar da, eta ez aldez aurretik ezarritako irizpide edota helburu batzuen arabera. Taldekatzeak heterogeneoak izan behar dira, ikaskuntza interaktibo eta elkar laguntzaren bidez ikasteko aukera eskainiz. Eta azkenik, hausnarketa eta adostasuna bideratzea ezinbestekoa da.
  4. Irakaslearen ikuspegi eta formakuntza: Eskola inklusiboaren arrakasta irakasleak aniztasunaren aurrean erantzuteko duen gaitasunean oinarritzen da. Giro atseginak sortzeko gauza izan behar da, haurren interesetan oinarrituz ikasteko motibazioa lortuz.
  5. Familiaren parte hartzea: Balioen transmisioa ez da irakaslearen egitekoa soilik, familiarena zein bestelako hezkuntza agenteena ere bada. Aniztasuna onartu eta aniztasunean bizi behar dugu, guztion arteko elkarlana bermatuz. Familiaren parte hartzea eskolan garrantzi handikoa da guztion arteko eta guztiontzat eraikitako eskola izateko.

Eskola inklusiboa lortzeko horretan sinetsi behar dugu, guztiok, eta lana batera egin. Konpromisoa hartu, eta gure eguneroko ekintzak pixkanaka aldatu. Aniztasuna ez da eskolara moldatu behar, eskola aniztasunari erantzuten jakin behar dio, guztioi lekua eskainiz. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza publikoa posiblea da, eta guztion lanari esker gizarte osoaren zein banakakoen bizitza normalizaziorantz bideratuko dugu.

About Rakel Gamito

* IKTak + Hezkuntza * formulaz maiteminduta nago. Horregatik, urteetan zehar, bi arloetan trebatu naiz eta gaur egun”adingabeak eta Internet” da nire ikergaia. Ondo ezagutzen ditut teknologia eta espazio digitalen abantaila zein desabantailak, haurren garapenaren ezaugarriak eta didaktikaren oinarriak. Nire egunerokotasunean guzti horiek uztartzen ditut eta, ondorioz, aro digitalari lotutakoak nagusitu arren, anitzak dira nire diskurtsoaren gaiak: inklusioa, hezkidetza, kooperazioa… Sareak eskaintzen digun potentzia handiko bozgorailua nire bizipen, hausnarketa eta baliabideak besteen eskura jartzeko aprobetxatzen dut. Era berean, bide berdinetik besteen ekarpen eta iritziak jasotzea gustatzen zait, elkarreragina ikasketa-prozesurik esanguratsuena baita. Azken finean, erlantza guztion lanari esker osatzen da eta, banakako lana ezinbestekoa bada ere,guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatuko duena lan kooperatiboa da.

Posted on 2013-03-12, in Aniztasuna, Metodologia and tagged , , , , , , , , , , , , , , , , , . Bookmark the permalink. Iruzkin 1.

  1. k4 moduluan moduak eta aldaketarako proposamena egiten dugu, hurrengo moduluetan izan kontutan hemen aipatu duzuna. eskerrik asko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara

%d bloggers like this: