LOMCE legea: Bereizketaren munstroa

Asko dira azkenaldian, LOMCE legearen aurka argitaratzen diren berriak eta aurrera eramaten ari diren ekintzak, baina, gizarteak hezkuntza lege aldaketak benetan ekarriko diguna ezagutzen du?

Honen aurrean, arduragabetasun handia somatzen dut, eta horrek arrisku handia suposatzen du guztiontzat, hezkuntza, azken finean, guztion etorkizuna baita. Horregatik, ikasle, irakasle, guraso eta guztioi, lege aldaketaren irakurketa kritiko bat egitera gonbidatzen zaituztet, gure hezkuntza defendatzeko, guztion ardura eta elkar borraka beharrezkoa baita.

Eduki eta ebaluazioek dira aldaketa nagusiak jasoko dituztenak. Irakasgai tronkalen curriculuma Madrilen adostuko da eta ikasleek honetan oinarritutako derrigorrezko azterketa bat gainditu beharko dute etapa batetik bestera pasa ahal izateko. Azterketa hauen emaitzak publikoak izango dira.

Horren atzetik, zentralizazioa eta bereizketen sakontzea dago eta horrek gizartean era zuzenean eragingo du. Aniztasunari aurre egiteko gaitasuna ezabatuko dute, bazterketa indartuz. Hezkuntza, sistema guztiz injustua bilakatuko da, aukera berdintasuna bermatzea ezinezkoa izango delarik. Legean egiten den kalitatearen planteamendua ez dator inkusioaren planteamenduarekin bat. Hezkuntza, lasterketa konpetitibo batean bihurtuko da eta zailtasunak duena galtzaile izendatuko da.

Gainera, eskola kontseiluaren eskubideak gutxiagotu egingo dira, zuzendaritza indartuz eta hain garrantzitsua den familiaren parte-hartzea alde batera utziz. Horrela, gure hezkuntza-komunitateko faktore nagusietako bat ezabatuko da eta aspaldiko garaietako eskolaren antolakuntza bertikala bueltatuko da.

Erlijioko irakasgaia bueltatzen da, eta honen curriculumaren arduraduna eliza katolikoa izango da, laikotasuna ahaztuz. Irakasgaia ebaluagarria izango da, espediente akademikoan eragina izango du alegia.

Eskola-tokiak eskaeraren araberakoa izango dira. Hau da, eskaria pribatua bada, horretara bideratuko dira baliabideak. Eskola publikoa ez da defendatuko eta hezkuntzaren pribatizazioa areatuko da.

Euskadiren kasuan, gure kultura eta curriculuma zapalduak izango dira, gure eskola gobernu zentralaren menpe egongo baita. Gure kultura, herrigintza eta eskola bakoitzak egindako lana ez da aintzat hartuko. Gure hizkuntzari dagokionez, ez da asko zehaztu, baina esandakoaren arabera, D eredua arrisku handian dago.

Berrikuntza bultzatu beharrean, atzera pausu bat egingo dugu. Eskolak, azken urteetan egindako lana eta lortutakoa ez da kontuan hartuko. Hezkuntzari ikuspegi merkantilista batera bultzatuko zaio, pertsonak alde batera utziz eta ekonomia, lehiakortasuna, ezberdintasunak eta bazterketa erabat indartuz.

Guk nahi dugun eskola ez da LOMCEk proposatzen duen eskola. Gure eskola guztion artean egiten dugun eskola da, bertan guztiok gara partaide. Ikasleen arteko kooperazioa eta elkarlana bultzatu nahi dugu. Ebaluaketa jarraituei esker hobekuntzak proposatu nahi ditugu. Guretzako pertsona eta elkarbizitza hezkuntzaren irizpide garrantzitsuenetakoak dira! Elebitasun eraginkorra bermatu nahi dugu. Horregatik, gure arteko ezberdintasunak ahaztu eta legearen kontra bat egin behar dugu. Indarrak batu eta gure hezkuntza defendatu!

819187_436854559725383_994989354_o

  • Informazio gehiago:

“Rechazo mayoritario de los agentes educativos vascos a la LOMCE” – Diario Vasco, 2013-02-19

LOMCEri ez! – EHIGE

Murrizketarik ez! LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezuntza! – STEE-ELIAS, LAB eta ELA

Lo que esconde la LOMCE. Análisis del anteproyecto de la Ley de Educación – Soy pública

Anteproyecto de la Ley Órganica para la Mejora de la Calidad Educativa – Gobierno de España

About Rakel Gamito

* IKTak + Hezkuntza * formulaz maiteminduta nago. Horregatik, urteetan zehar, bi arloetan trebatu naiz eta gaur egun”adingabeak eta Internet” da nire ikergaia. Ondo ezagutzen ditut teknologia eta espazio digitalen abantaila zein desabantailak, haurren garapenaren ezaugarriak eta didaktikaren oinarriak. Nire egunerokotasunean guzti horiek uztartzen ditut eta, ondorioz, aro digitalari lotutakoak nagusitu arren, anitzak dira nire diskurtsoaren gaiak: inklusioa, hezkidetza, kooperazioa… Sareak eskaintzen digun potentzia handiko bozgorailua nire bizipen, hausnarketa eta baliabideak besteen eskura jartzeko aprobetxatzen dut. Era berean, bide berdinetik besteen ekarpen eta iritziak jasotzea gustatzen zait, elkarreragina ikasketa-prozesurik esanguratsuena baita. Azken finean, erlantza guztion lanari esker osatzen da eta, banakako lana ezinbestekoa bada ere,guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatuko duena lan kooperatiboa da.

Posted on 2013-02-24, in Curriculum, Legeak and tagged , , , , , , , , , , . Bookmark the permalink. 2 iruzkin.

  1. “Bilatu ote dute zertan datzan Wert-en lege proposamena” pentsatu nuen aurrekoan, zuk egin duzu zure ikerketa, eskerrik asko.

Utzi iruzkina

Orellanatik

Arrasatetik Francisco de Orellanara